cabecera-playing-for-refuge

HELBURUAK

ALBISTEAK

BAZKIDEAK

Navarra de Colores

NAFARROA KOLORETAN

Nafarroan errefuxiatutako berrogeita hamarretik gora gaztek eta helduk beren trebetasunak probatu dituzte beisbolean

07/10/2022

Nafarroan errefuxiatutako berrogeita hamar gaztek baino gehixeagok, tartean 17 haurrek, ate irekien jardunaldi batean parte hartu dute arratsaldean beste 20 bat lagunekin batera; gehienbat, Nafarroako beisbol jokalariak eta teknikariak. Burlatako zelaian izan dute lehen harremana oinarriko pilota kirol horrekin.

Ekimenean jokoak, entrenamenduak eta irriak izan dira eta, era berean, oinarrizko ikasgairen bat jaurtiketez eta bateoaz. Izan ere, ‘Playing for refuge’ proiektuaren lehen jarduera izan da, hots, ekimen berritzailea da, Europako Batasunak eta Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak batera finantzatua. Ekimenak, zehazki, Foru Komunitatean bizi diren errefuxiatuen gizarteratzea bultzatu nahi du kirolaren bidez; beisbolaren eta sofbolaren bidez, hain zuzen.

Horretarako, proiektuan partaide dira Nafarroako Beisbol eta Sofbol Federazioa, CEAR-Errefuxiatuari Laguntzeko Espainiako Batzordea eta Gurutze Gorria. Gainera, Espainiako Beisbol Federazioaren babesa dauka, ekimena bai estatuan bai Europan ikusarazteko, bai eta Nafarroako Kirol Institutuaren babesa ere.

Burlatako beisbol zelaian gaur arratsaldez egindako jarduera baliagarria izan da parte-hartzaileek joko giroa ezagutzen hasteko, zelaia nolakoa den ikusteko, erreferentziazko jendea ezagutzeko eta proiektuan parte hartzera animatzeko.

Asilo eskatzaile horietako batzuk beisbola ederki hedatua dagoen herrialdeetatik datoz, hala nola Venezuela, Kolonbia eta Haititik edota Karibe alde osotik; baina, halaber, kirol hori ezezagunagoa den beste alde batzuetatik, hala nola Ekialdeko Europatik, Malitik, Siriatik edo Afganistandik.

Burlatako zelaian, halaber, familia osoak elkartu dira, larruzko eskularru bat jantzi eta zelaian ibili nahirik, hala emakumeak nola gizonak, bai eta 6tik 16 urtera bitarteko haurrak ere.

 ‘Playing for refuge’ proiektuko programa pilotuak jarduera sorta bat garatuko du datozen bi urtean bai beisbol inklusiboa, bai errefuxiatuen eta harrerako komunitatearen arteko bizikidetza gune parte-hartzaileak  zabaltzeko.

Badira beisbolean eta sofbolean ikasteko ekintzak haur eta helduendako; errefuxiatuendako lanbide heziketa arbitrajean; prestakuntza babesean eta kulturarteko bizikidetzan beisbol eta sofboleko ofizialentzat; familiendako jardunaldiak; babes sare baten sorrera errefuxiatuen eta tokiko herritarren artean; eta eskualdeko nahiz Europako txapelketetan parte hartzea.