150 lagun baino gehiago bertaratu dira “Playing for refuge” Europako proiektuaren barneko Family Day egunera
160 lagun inguruk parte hartu zuten joan den apirilaren 30ean “Playing for refuge” Europako proiektuaren baitako Family Day egunean, Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak koordinatua, errefuxiatuak kirolaren bidez gizarteratzeko eta nafar gizartean txertatzeko; beisbolaren eta sofbolaren bitartez, zehazki. Proiektuak 24 hilabeteko iraupena du, eta honakoak dira partaide: Errefuxiatuari Laguntzeko Espainiako Batzordea (CEAR), Gurutze Gorria, eta Nafarroako Beisbol eta Sofbol Federazioa. Bestalde, Nafarroako Kirol Institutua eta Espainiako Beisbol eta Sofbol Federazioa laguntzaile dira.
Familiendako lehen jardunaldia Iruñeko Amaya Kirol Hirian ospatu zen, eta, hantxe izan ziren Patricia Ruiz de Irizar, Migrazio Politiketako zuzendari nagusia; Miguel Pozueta, Nafarroako Kirol Institutuko zuzendari-kudeatzailea; Pablo Carpio, Nafarroako Beisbol eta Sofbol Federazioko presidentea; Jesús Lisarri, Espainiako Beisbol eta Sofbol Federazioko presidentea; eta Idoia Oneca, Nafarroako CEAReko arduraduna.
Ongietorriko hitzen ondotik eta jardunaldia aurkeztu ondoren, Los Cardinales talde sortu berriaren aurkezpen ofiziala egin zen, gehienbat gure herrialdean errefuxiaturik dauden kirolariek osatua, aldi berean CEAR eta Gurutze Gorria elkarteetako kide direnak. Javier Alejandro Azuaje talde horretako kapitainak ohorezko sakea egin ondoren, ohorezko mailako bi beisbol partida jokatu ziren. Aurrez aurre, Iruñeko Toros eta Valentziako Antorcha taldeak.
Goiz osoan zehar, gainera, jendeak bateo-makina bat gozatu zuen, Nafarroako Federazioak kirol barrutian jarria, eta ohorezko mailako partida bukatu eta gero, piknik bat zerbitzatu eta kirol eta promozioko materiala zozketatu zen; hamar sorta, guztira.