cabecera-playing-for-refuge

HELBURUAK

ALBISTEAK

BAZKIDEAK

Navarra de Colores

NAFARROA KOLORETAN

Urtea bete du errefuxiatuak beisbolaren bidez gizarteratzeko proiektuak

2023/06/28

‘Playing for refuge’ Europako proiektuak lehen urtea bete du eta, aurreikuspenen arabera, bi urtez iraunen du. Proiektuak, egun, 50 parte-hartzaile inguru ditu, helduen eta haurren artean, guztiak ere Nafarroako Beisbol eta Sofbol Federazioan kidetuak. Hainbat herrialdetatik etorritako jendea da, hala Siria, Georgia, Venezuela, Kolonbia, Ekuatore Ginea eta Errusiatik, nola Maroko, Mexiko, Kamerun, Peru, Gambia, Mali, Ginea Bissau eta Mauritaniatik.

‘Playing for refuge’ ekimenean badira haurrak eta helduak prestatzeko programak; errefuxiatuendako lanbide heziketa, hala nola beisbol arbitroak eta ofizialak; prestakuntza babesean eta kulturarteko bizikidetzan; familiendako jardunaldiak (horietako bat apirilaren 30ean egin zen, 150 pertsona inguruk parte hartuta, eta bigarrena, berriz, ekainaren 25ean, antzeko jende kopuruak parte hartuta); babes sare baten sorrera errefuxiatuen eta tokiko herritarren artean; eta eskualdeko nahiz Europako txapelketen antolaketa.

Helduek Cardinales sofbol talde mistoaren bidez parte hartzen dute, joan den abenduan sortua eta sei hilabetetan doi `Slowpitch Playing for Refuge´ txapelketan arrakasta handiz aritutakoa. Nafarroako Beisbol eta Sofbol Federazioak antolatutako txapelketa da, iragan udaberrian jokatua. Foru Komunitateko beste hiru taldek ere parte hartu zuten.

Nafarroako Federazioko Urko Gutiérrez, Javier Arilla eta Iñaki Modrego teknikariek zuzentzen dute taldea. Azken horren esanetan, taldeak denbora laburrean emandako aurrerapausoak nabarmendu behar dira: “Hastapenak gogorrak izan ziren, izena emandako gehienek ez baitzuten elkar ezagutzen, gehienek ere ez zekizkiten joko-arauak, eta aunitzek ezta hizkuntza ere. Denbora aurrera joan ahala, beisbolean aritutako jokalari venezuelar batzuk etorri dira eta oso talde fidel eta motibatua sortu da, ikasteko gogo handiz; gainera, egunetik egunera gero eta hobeki mintzatzen dira gaztelaniaz. Bilakaera oso polita izan da eta orain esan dezaket sekulan izan dudan talderik errazena izan dela entrenatzeko, gogoz eta arras motibaturik ari direlako”.

Modregoren iritziz, lehia are eragingarriagoa zaie. “Izan ere, slowpitch txapelketak are motibazio handiagoa eragin die eta zentzu bat ematen die kirol honetan hasten direnei, hau da, taldekide gehienei. Entrenamenduak arras serio hartzen dituzte eta nabari da kirol hau izugarri gustatzen zaiela, nahiz eta gehienak ez ziren arituak beren sorterrietan”.

Javier Azuaje taldeko kapitaina aurrez beisbolean jokatutako gutxi horietako bat da. 42 urteko gure venezuelarra duela urte eta erdi iritsi zen Nafarroara eta CEAR erakundearen bidez izan zuen ekimenaren berri. “Proiektuan parte hartzeko aukera aipatu zidatenean, ez nuen dudarik egin. Nire herrialdean txikitatik aritu naiz sofbolean, eta kirola egiteko eta beste errefuxiatu batzuk gizarteratzen laguntzeko aukera ederra zela iruditu zitzaidan”.

Azuaje bat dator entrenatzailearekin taldeak egindako aurrerapenaz. “Taldekide gehienak Afganistandik etorri dira; gureaz bestelako hizkuntza darabilte eta ez han da beisbolik jokatzen, baina zailtasunak ahaleginez, borondate handiz eta ikasteko gogoz gainditu dituzte. Oso lan ona egin da eta fruituak eman ditu, bai kirol arloan, bai jokalari bakoitzarentzat, bai arlo sozialean”.

Bestalde, Europako proiektu horretan parte hartzen duten haurrak Nafarroako hainbat beisbol klubetan ari dira; klubek behe mailetan dituzten taldeetan, hain zuzen ere.