Family Day jendetsuarekin amaitu da “Playing for refuge” ekimena
Europako “Playing for refuge” proiektuaren azken Family Day ekitaldia egin zen Iruñeko Amaya Kirol Hiriko instalazioetan, joan den ekainaren 23an. 150 lagun baino gehiago bertaraturik, hantxe izan ziren, besteak beste, Begoña Alfaro, Nafarroako Gobernuko Gazteria, Etxebizitza eta Migrazio Politiketako kontseilaria; Marisol De la Nava, Migrazio Politiketarako zuzendari nagusia; Sandra Muñoz, Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren sustapenerako zuzendariordea; Enaut Andueza, Burlatako Udaleko zinegotzia; Ernesto Modrego, Miguel Indurain Fundazioko kudeatzailea; Jesús Lisarri eta Pablo Carpio, Beisbol eta Sofbol Errege Federazioko eta Nafarroako Federazioko presidenteak, hurrenez hurren; Adrián Laurencena, Playing for Refuge proiektuaren arduraduna Nafarroako Federazioan; eta Idoia Oneca, CEAR Nafarroako koordinatzailea.
Bertaratutakoei ongietorria emateko ekitaldiaren ondotik, “Slowpitch Playing for refuge” txapelketako partiduak jokatu ziren; lehenbizikoa, 5. eta 6. postuak erabakitzeko, Irabia eta Toros taldeen artean, eta bi finalaurrekoak; zehazki, Arga Frogs eta Arga Ducks taldeak sailkatu ziren final handira, Cardinales eta Amaya taldeei irabazita.
Askaldu eta indarberritu ondoren, txapelketako final nagusia jokatu zen. Izan ere, Marisol De la Navak, Sandra Muñozek eta Enaut Anduezak ohorezko sakea egin eta Arga Frogs 15 eta 4 nagusitu zen norgehiagoka entretenigarrian. Bestalde, Arga Ducks taldeko Renny Mendoza jokalariak Home Run Derby-a irabazi zuen.
Bukatzeko, sariak banatu eta zozketa egin zen. Horrenbestez, bi urtez iraun duen proiektua amaitu da. Ekimenaren helburu nagusia errefuxiatuak gizarteratzen laguntzea izan da, kirolaren bidez nafar gizartean sartze aldera.